U27an GREBA OROKORRA!

Post honen bidez jakinarazi nahi dugu kaxeta liburudendak bat egiten duela Euskal Herriko gehiengo sindikalak deituriko hurrengo urtarrilaren 27rako Greba Orokorrarekin, beraz egun horretan denda itxita egonen da.

Gora munduko eta Euskal Herriko langileria!

Advertisements
Kaxeta atalean publikatua | Iruzkin bat utzi

Agur eta Kaixo

Bai, ala da, kaxeta liburudendak eskualdatzea egin du. Hona hemen guaixe astekariak ateratako erreportajea:

KAXETA LIBURUDENDA: 43 urteetako lekukotza
Oihana Gallo San Roman

Kaxeta liburu dendaren atzean 43 urte luzeetako historia biltzen da, eta historia honetako protagonistak Mendiola-Barandalla familiakoak dira. Berriki dendaren eskualdatzea egin dute. Urte luze hauetako lekukotza jaso nahian, eta merezi duten omenaldia eman asmoz, Kaxeta liburudendako bi belaunaldiak izan ditugu Beleixe irratian: Jexux Mendiola eta Puri Barandalla eta haien alaba, Jaxone Mendiola.

“KAXETIKA” ZENEKOA

Kaxeta liburu denda beti toki berean kokatuta egon da?
Jexux: Ez, garai batean orain eskultura dagoen plazan egoten zen. Oraingo Kaxetaren aurrean kiosko txiki bat geneukan. Dendak 32 urte inguru izango ditu baina 10 urte lehenago Kaxeta benetako kaxetika edo kiosko bat zen. Negozio honetan 42 urte egin ditugu gutxi gora behera.
Puri: Hala da bai, eta kioskoa oso polita zen. Gaur egun oso kiosko gutxi daude eta pena daukagu ez daukagula argazkirik. Beraz, baten batek argazki zaharren artean  garai bateko Kaxetaren argazkiren bat badauka, jakinaraztea eskertuko genioke.

Eta zergatik kiosko txikia utzi eta Kaxeta liburudendarako saltoa?
Jexux: Leku faltagatik.Oso leku txikia zen hura eta azkenean egungo Kaxeta dagoen lokal hori erosi behar izan genuen. Esan beharra dago dendaren hasiera bateko izena Elorri zela. Baina izen horrekin ez zuen inork ezagutzen eta, azkenean, Kaxeta izenarekin gelditu zen.
Puri:Herriko haurrek hala deitzen zioten bai. “Goazen Kaxeta!”
Jexux: Toki txikian dena ez zitzaigun sartzen eta material asko etxean gorde behar izaten genuen. Hilabeteko egunkariak, aldizkariak,.. Bestalde esan beharra dago neguan ere sekulako hotza pasatzen genuela bertan.

Zer saltzen zenuten hasierako kioskoan edo kaxetan?
Puri: Denetarik. Egunkariak, eskolako gauzak, litxarreriak,…Kaxeta horregatik zen famatua. Leku oso txikian denetarik sartzen zen, eta beste leku askotan opatzen ez ziren gauzak, gurean opatzen zituzten.

Eta nolakoak ziren orain dela 43 urteko bezeroak?
Puri:Egunkaria erostea ohikoa zen Etxarrin. Beharbada orain baino gehiago.Goizeko 7:30etarako Burundesan ailegatzen ziren egunkariak eta gero nire autoan gurdiarekin eramaten genuen etxera. Hasieran saltzen genituen 5 egunkariren izenak gogoan dauzkat. El pensamiento, Gaceta del Norte, Diario de navarra, Deia eta El Pais. Azken hau medikuak eskatuta hasi ginen ekartzen.

HISTORIAREN LEKUKOTZA ZUZENA

Prentsari dagokionean, euskal prentsa sortzen eta aldi berean ixten ere ezagutu duzue ez?
Jexux: Bai Egin egunkaria sortzen eta desagertzen ezagutu dugu.
Jaxone: Egin egunkariarekin bitxikeri bat daukagu. Egin itxi zutenean hurrengo egunean, normala den bezala, jendea oso minduta zegoen. Egin itxi eta ordu batzuetara Euskadi Información  kaleratu zuten eta oso ale gutxi ekarri zizkiguten. Gogoan daukat nola aritu ginen dendan bertan fotokopiak atera eta atera. Gertakari hau 1998an izan zen eta badirudi orain dela 30 urte gertatukoaz ari garela. Egunkariaren itxiera ere ezagutu dugu; eta aldi berean berriaren jaiotza.

Prentsan ezezik, aldizkarietan adituak izango zarete ez horrenbeste urte eta gero?
Puri: Adituak? Eta 15.000 pezetetako isuna ere ordainduta daukagu. Interviu aldizkaria eskaparatean jarri izanagatik isuna jaso genuen, eta garai hartan sekulako dirutza zen hori.  Baina argi dago atzetik arrazoi politikoak zeudela.
Jexux: Ni komisaldegitik pasatuta nengoen eta zibilek ez zekiten zer egin ni izorrazteko. Inturviu, Punto y hora eta halako aldizkariak saltzen genituen eta zuzenean editoriala salatu beharrean ni salatu ninduten.
Jaxone: Garai hartan Interviú aldizkariak artikulu politikoak zekartzan eta aitzakia horrekin aita salatu zuten.
Jexux: Astean 3 alditan etortzen zitzaizkidan denda kuxkuxeatzera.

Liburuak saltzen noiz hasi zineten?
Puri: Eskolako materiala eta hasiera hasieratik. Irakurtzeko liburuak, gehienak, euskarazko liburuak ekartzen genituen.
Jaxone: Ni gaztea nintzen baina gogoan daukat liburu gehienak ezkutukoak izaten zirela. Operación ogro eta halakoak.

GARAI BERRIAK, HAIZE BERRIAK

Leku aldaketarekin, salerosketetan ere aldaketak somatuko zenituzten ez?
Jaxone: Denda berriarekin hasi zirenean jostailuak ere hasi ziren saltzen.

Eta tresna berriak ere txertatzen. Fotokopiagailua esaterako
Jaxone: Onuragarria izan zen bai. Garaian garaikoak. Lehen fotokopiagailua ekarri genuen eta traktore bat zirudien. Hori bai, gaur egungoak baino askoz ere xinpleagoak ziren
Jexux: Nik eskolan lan egiten nuen aurretik, esperientzia baneukan fotokopiak ateratzen eta hala hasi ginen.

Jaxone zu noiz hasi zinen dendan lan egiten edo noiz hartu zenuen ardura?
Jaxone: 18 urterekin hasi nintzen. UBI amaitu eta kriston presioa izan nuen. Ez nekien zer egin eta noraez horretan, dendan lanean hasi nintzen eta orain arte.
Puri: Oso langileak izan dira gure seme-alaba guztiak. Lan egitea egokitu zaie hauei.

Urte luze hauetan ezagutu duzuen beste aldaketa bat pezetatik eurora egindako saltoa
Jexux: Hori izan da niretako kolperik gogorrena
Jaxone: Egoera zaila da. Bi urte izan ziren nahasmen handiarekin eta bazetorrela iragartzen. Hasiera oso zaila izan zen guztiondako. Astakeri batzuk ere egin izan ditugu, baina konpondu eta aurrera. Orain badirudi ez zela horrenbesterako izan.
Puri: Oraindik gauza asko pezetetan daukagu. Pentsa!

Eta, opatu duzuen erlikiaren bat?
Jaxone: Txukuntzen hasi ginenean denetarik opatu genuen. Barre asko egin dugu, pentsa 43 urtetan pilatu daitekeena!
Puri: Hori bai, gure bilobak gozatzen ari dira opatu ditugun gauza guztiekin: jostailu zaharrak, liburu zaharrak… Orain dela 3 urte stokc azoka egin genuen eta gauza asko saldu genituen, baina oraindik ere badaude.

ESKUALDATZEA. EZ ADIORIK

Berriki Kaxeta liburudendaren esku aldatzea egin duzue. Zer dela eta?
Jaxone: Niri dagokit galdera hau erantzutea….  Aita eta ama helduak dira eta ni bidegurutze batean nengoen: nik familiarekin negozioa  jarraitu edo utzi eta beste zerbaitean hasi. Oso lotuta egon beharreko lanbide bat da, asteburuan lana egin behar, ardura handia da eta nire familiarekin aurre egiteko ez nago prest. Ikasketak utzi egin nituenez, zerbaitetan birziklatzea pentsatuta daukat eta, nahiz eta merkatua dagoen bezala egon,  aurrera egitea pentsatu dut. Ez dut 65 urtetara iritsi nahi pentsatzen ez nintzela ausartu pausu hau ematera.

Kostatu zitzaizuen erabaki hau hartzea? Familia oso lotuta dago Kaxetari ezta?
Jaxone: Asko kosta zitzaidan. Aita eta amak sortu dute negozio hau  eta halakotan zera gertatzen da: alde batetik burua edo arrazonamendua  doala eta bestetik sentimenduak eta lotura. Azken hauek frenatzen dizute eta ez dizute erabakia sendo hartzen uzten. Konturatzen zara Kaxetak eman dizun guztiaz eta erabakia oso zaila da. Lanbide hau aldi berean oso polita da eta. Bezeroekin izan dugun harremana sekulakoa izan da. Herria beste ikuspuntu batetik ezagutzen duzu.

Bezeroekin izandako harreman hori uztea behar bada zailena?
Puri: Bai. Gauza on guztietaz ohartzen zara. Horrelako lanbidean pertsona ezberdinekin daukazu harremana eta oso aberasgarria da. Generazio ezberdinak ezagutu ditugu eta konfidantza handia daukagu jende askorekin.
Jaxone: Konfidantza aipatu duzuela, abenduaren 28 batean egin zidaten inozentada etorri zait burura.  Lehen, goiko pisua jostailuz beteta izaten genuen eta gazte koadrila bat etorri zitzaidan andereñoari opari bat egin nahi ziotela esanez. Auto teledirigido horietako bat nahi zuten eta gora igo, 7 auto hartu, pilak jarri, probatu, eta denbora pila bat pasa ondoren, ordaintzeko garaian, dirua eman beharrean papertxo bat eman zidaten. Zer jartzen zuen papertxoan? “Inocente” Inoiz egin didaten inozentadarik handiena.

Zer eman dio, zuen ustez, Kaxetak Etxarriko herriari?
Jaxone: Nire ustez eman duen gehiena gertutasuna eta hizkuntza. Aita litxarreria kontuetan eta aritzen zen eta Jesús bi mora, eskatzen ziotenean honek erantzun: Nola? Morak ez,  masaustak dia..

Beraz Jexuxek Euskaltzaindiaren papera hartu izan du
Jexux: Uff eta goizetan sartzen zirenean beti Zer??? Eta haiek erantzun A bai egun on!!
Jaxone: Bai eta orain txantxetan esaten diote: Jexux eta orain nork egin behar digu errieta?

Eta orain? Zer moduz mostradorearen beste aldean?
Puri: Moldatzen ari gara
Jexux: Oraindik goiz da baina ez gaude ez leku baten ez bestean.
Jaxone: Oso arraroa egiten da baina… ohitu behar!

Nola ikusten dituzue jabe berriak?
Jaxone: Gauza askotan gu baino hobe. Negozio bat aurrera eramateko ilusioa behar duzu eta guk azkeneko urteetan hori faltan geneukan. Jabe berriak ilusio berrirekin sartu dira eta ezagupen maila ere ona daukate. Beraz, primeran moldatuko dira. Ez dugu zalantzarik.

Bezeroak banan-banan agurtzea ezinezkoa da kasu hauetan. Zer esango zeniekete?
Jaxone: Guk erabakia hartu genuenean bezeroei 15 egun lehenago hasi ginen esaten eta ama eta biok normal esan izan dugu. Kontua da aitari ez zitzaiola ateratzen. Pertsona denak ez gara berdinak eta ez dugu berdin erreakzionatzen. Behar bada baten bat minuta sentitu da kanpoan jakin duelako, baina horregatik izan dela esan nahi dugu. Prozesua  mingarria izan daiteke. Beraz, alde batetik barkamena eskatu, eta bestetik urte luze hauetan gure bezero izan diren guztiei eskerrak eman  nahi dizkiegu. Azken finean, haiengatik atera dugu negozioa aurrera. Beraz eskerrik asko bihotz-bihotzez guztiei.

Itsasontzi zaharrean marinel berriak izango ditugu hemendik aurrera.
Jaxone.Bai hala da. Eta onak gainera

Bidai ona izan dezatela eta zuei zorte on eta eskerrik asko.
Zuei aukera hau emateagatik

Kaxeta atalean publikatua | Iruzkin bat utzi